1. HAURTZAROKO OROITZAPENAK
Haur Hezkuntza garaia, erabat zoriontsua izan genuela oroitzen dugu guztiok alaitasunez eta ilusioz betea. Jolasak gure eguneroko bizitzan zeuden. Jolas hauek ez ziren arratsaldeko ekintzak soilik, eskolan ere asko jolasten genuen.
Jolas garaiak askatasun uneak ziren: lagunekin harrapaketan ibili ohi ginen, futbolean, zangoekin, hostoak biltzen… Irudimena zen gure muga bakarra eta hau, amaigabea zen!
Ikasgela barruan ere irudimena lantzeko aukera paregabea genuen, eskulanen bitartez, ipuinak entzunaz…
Eskulanak oso gogokoak genituen: puntzoiarekin marrazkiak egin, gometxak itsatsi, zeta-paperarekin bolatxoak egin… Irakasleak mahaietan jartzen zituen margoak, kola, guraizeak…
Ipuinekin, adi adi egoten ginen, irakaslearen ahotsak, egi bihurtzen baitzituen liburuetan zeuden istorioak: Makilakixki, Lau anai umezurtzak, Sorgin gaiztoa... besteak beste.
Musika giroan murgilduz, abestiek gure belarriak betetzen zituzten. Zoragarria zen. Noten dantzei esker, eskolan, familian, lagunekin jolas giroan... ikaragarri gozatu eta ikasten genuen. Adibidez: pintto pintto, astoa ikusi nuen, Jon Braun… Honez gain, instrumentu batzuk ere jotzen genituen. Perkusiozkoak ziren gehiengoak: triangelua, danborra, marakak…
Ikasgela oso koloretsua zen, marrazkiz eta material ezberdinez betea zegoen. Gutako batzuk lurrean esertzen ginen korru batean, beste batzuk ordea, mahai eta aulkietan. Hala ere, lurrean korru batean esertzen ginenak, ekintza ezberdinak egiteko mahai eta aulkietan esertzen ginen. Horretaz gain, batzuen ikasgelak, txokoetan banaturik egon ohi ziren.
Hizkiak ikasterako garaian, hizkia bera, animali, instrumentu, objektu… ezberdinekin erlazionatzen genuen errazago ikasteko, hortaz, dibertigarriagoa suertatzen zitzaigun.
Festa asko ospatzen genituen, hala nola, Donostia eguneko danborrada, Santo Tomaseko ogia eta txistorra, Santa Agedako kantua, gabonetan kantari, kaldereroak, inauteriak…Egun berezi hauetan (korrika, San Nikolas, Santa Ageda…) beti parte hartzen genuen, bertako abestiak ikasiz, herrian mugituz eta abestiak kantatuz.
Inauterietako egunak, bereziki, oso bereziak ziren: denok mozorrotzen ginen,
baita irakaslea (andereño) ere, gai bera hautatzen zen haur guztientzat eta mozorroak familiek egiten zituzten. Zoragarria zen gurasoak ere gure ekintzetan murgilduta egotea, gure erreferenteak gurekin batera eskulanak egiten jardutea.
Zenbat emozio (urduritasun, barre, negar…) bizitzen genituen txangoak egiten genituenean, eguneroko dinamiketatik atera eta beste testuinguruetan elkar sentituz eta harremanduz: naturaz gozatzeko, inguruko herriak ezagutzeko…
Amaitzeko aipatu behar da, Haur Hezkuntzako aldia norbere gorputzean esperimentatzeko beharra asetzeko hain epe garrantzitsua izanik, batzuk gelako lau pareten artean baina denbora gehiago pasatzen genuela kanpoan gure gorputz mugimenduaz disfrutatzen.
Gure haurtzaro goxoa oroituz… Aintzane, Ianire, Aroa, Nahikari eta Laura.

Iruzkinak
Argitaratu iruzkina